Eta orain, ingurune birtualen ebaluazioan buru-belarri sartzen ari naizela, tesia dela eta besteak beste, liburu eder hau argitaratu dute:
César Coll eta Carles Monereo (Editoreak) (2008). Psicología de la educación virtual. Madril: Morata
Monereoren lanak gustuko nituen lehenago ere, bereziki "Estrategias de aprendizaje" liburua, baina autoreen zerrenda ikaragarria da: Coll bera, Hezkuntzaren Psikologian katedraduna, Javier Onrubia, Teresa Mauri, Elena Barberá, Jordi Adell... zerrenda luzeagoa da eta denak autore sendoak.
Eskuliburu honek ondo biltzen ditu IKTen inguruan eraiki diren ikaskuntza-teoriak, baina aldez aurretik ohartarazten dut ez dela liburu praktiko-xamur bat, "IKTak erabiltzeko 10 ideia" edo horien antzekoak. Liburu honekin irakurlea ondo janzten da azken urteotako proposamen teorikoez.
Gai mordo bat biltzen ditu eta ezin dut sintesi arin bat egin, baina besterik ez bada ere, lantzen diren azpigaiak ekarriko ditut:
- IKTen inpaktua Hezkuntzan eta Hezkuntzaren Psikologian: hezkuntzaren eszenatoki berriak, sozializazio-prozesuen aldaketa, emozioen kudeaketan izan duten eragina... baita bideojokoen eragina ere. Horrek diseinu tekno-pedagogikoan izan duen eragina eta praktikak
- Ikaskuntza birtualeko faktoreak eta prozesu psikologikoak: ikaslearen baldintzak eta soslaia, irakaslearenak eta hizkuntza-kode berriak, formatuak
- Ikaskuntza-irakaskuntzarako ingurune birtualak: autozuzendutako ikaskuntza, emulazio sozio-kognitiboetan oinarritutako inguruneak, kasu eta problemen ebazpenari lotutakoak, ikaskuntza kolaboratiboan oinarritutakoak eta jakintzaren adierazpen bisualean oinarritutakoak.. Ingurune birtualen analisiari beste bi atal eransten zaizkio: estandarren gaia eta komunitate birtualena
- Oinarrizko gaitasunen ikaskuntza-irakaskuntza ingurune birtualetan: alfabetatzea, alfabetatze digitala, ikaskuntza-estrategien ikaskuntza inguru hauetan, komunikazio-gaitasunaren ikaskuntza eta informazioaren kudeaketari lotutakoa
0 iruzkin:
Publicar un comentario en la entrada