2009/04/07

Identitate eta hiritartasun birtuala


Ikasleei identitate birtuala eraikitzen lagundu behar diegula entzun dut azken boladan behin baino gehiagotan. Baina nola irakatsi zehazki zer den ez dakigun zerbait?

Liburuetatik ikastea gustuko dudanez, etxeko liburuen artean birpasatzen jarri naiz, ze azkenean, identitatea zer den pentsatu behar dugu lehenik identitate birtuala zer den ulertzeko, nire ustez. Liburu hauxe dut eskuartean:

Bartolomé, M. (koord.) (2002). Identidad y ciudadanía. Un reto a la educación intercultural. Madril: Narcea

Bertan artikulu interesgarriak ditugu gai hau ikertu eta ikasgeletan lanean aritu diren adituek idatziak. Ideia asko daude, nik oraingoan hauek azpimarratuko nituzke eta testuinguru birtualera egokitu:

- Identitatea norbanakoaren nortasuna nortasun kolektiboan oinarriturik eraikitzea dela esan daiteke. Pertenentzia-taldeekin batera eraikitzen dugu oroimen abstraktua lagun.

Hori birtualera pasata, esan daiteke teknofoboek edo lurkerrek web 2.0 eta bere sistema euren identitatearentzako mehatxutzat hartzen dutela eta ondorioz, nahiago dutela teknologia ikuspegi teknizista batetik hartu. Analogia gisa esango genuke hauek direla euskaltegira datozenak titulua behar dutelako edo lanean eskatu dietelako. Hauek konbentzitzeko erakutsi behar zaie identitate birtualak ez diela identitate ez-birtuala lapurtuko, elkargarriak direla, identitate-aniztasuna posible dela erakutsi. Bestela, orduak sartuko ditugu eurei ikastaroak ematen eta alferrikakoa izango da, ez dute irakaskuntzan integratuko.

Gazteei berriz, erakutsi behar zaie identitate birtuala ez dela zertan amaitu ludikotasun sozialean, ikaskuntza tresna ludikoa ere izan daitekeela. Baina ulertu behar dugu transferentzia hori egin behar dutela. Askotan esaten da gazteek ez dutela arazorik tresnak erabiltzeko eta hori egia da, baina oso kostatzen zaigu irakasleoi ikasle-identitate birtuala ikus dezaten (ez dakit honi nola deitu, beharbada ikaskuntza-identitate birtuala?)

Identitate birtuala eraikitzeko geure nortasuna "deseraiki" eta interneteko gure identitate birtual anitza berreraiki behar dugu, pertenentzia-talde askotako identitate berriak sortzeko gure nortasuna zatituegia sentitu gabe.

- Hiritartasuna dimentsio askoko kontzeptua da eta adjektibo hauekin lotzen da: kosmopolita, globala, arduratsua, aktiboa, kritikoa, kulturanitza, bereizia, demokratikoa, soziala, ingurumenari lotua, berdintzailea, ekonomikoa. Finean, bi dimentsio nagusi azaleratzen dira: dimentsio politikoa (arauak, eskubideak, onarpena) eta dimentsio psikologikoa (balioak, portaera, bizikidetza).

Hiritartasun birtualean ere portaera egokiak, desegokiak eta arau-hausleak identifika ditzakegu. Hiritartasun birtualerako gaitasuna garatzeko hizkuntzak zeresan handia du, hizkuntza-kodearen erabilera egokia bereiztea testuinguruaren arabera eta kode hori deskodetzen trebatzea, alde batetik, eta jarrera kritikoa izatea, bestetik. Hiritartasuna etengabe eraikitzen denez, asertiboki lan egiteko jarrera irakatsi eta bultzatu behar da, kritika negatiboak gainditzeko.

Horrez gain, hiri birtual globalean nortasun aniztasun aldiberekoa dugula hartu behar dugu kontuan, aldi berean baikaude taberna giroan, lan-giroan, ikaskuntza-giroan, familian... Identitate aniztasuna espazio anitzetan gauzatzen da ia aldi berean eta horrek garuneko trebetasun batzuk garatzea eskatzen du, batez ere erregistroak etengabe moldatzen eta aldatzen aritzea, testu laburrak, elkarrizketak, diskurtso harilduak...

Gai konplexua da oso eta, ondorioz, oooso interesgarria. Oraindik emango digu zer pentsatu asko.