2012/02/24

Ebaluazio dinamikoa eta hizkuntzen ikaskuntza

Ebaluazioa oso kontu serioa dela argi dago, baina hala ere, kosta egiten zaigu irakasleoi nola egin erabakitzea, urte askoko esperientzia izanik ere.

Liburu honek, bide batez, Vigotski birpasatzera eta duela gutxi argitaratu diren dokumentuak irakurtzera animatu nau:

Poehner, M.E. (2008). Dynamic Assessment. A Vygotskian Approach to Understanding and Promoting L2 Development. Pennsylvania (AEB): Springer.


Kontu asko birpasatzen ditu baina bereziki bi arlotan egiten du analisia:

1) Oraindik ere oso zabalduta dauden azterketa-proben kritika, konstruktibismoaren begietatik

2) Ebaluazio dinamikoa zer den eta zer ez den, ebaluazio formatibo-sumatiboaren aldean

Konstruktibismoa eta konstruktibismoa bigarren hizkuntzen ikaskuntzan zer esan nahi duen sakontzen du autore honek, oso berrikusketa interesgarria, kontuan hartuta berri-berria dela.

Nik batez ere alderdi bat azpimarratu nahi nuke post honetan: askotan (ia beti) ebaluazio formatibotzat jotzen dena ebaluazio sumatiboa da, oso zabalduta baitago prozesuan zehar egiten den ebaluazio oro dela formatibo. Hori ez da hala. Honekin asko tokatu zitzaidan borrokatzea euskaltegian lan egiten nuenean ere, ebaluazio-plana eta proposamenak ikuskatzeaz eta aholkatzeaz arduratu nintzen garaian.

Poehner-rek Ellis-ek 2003n argitaratutako ikerketetan oinarritzen da esateko ebaluazio formatibotzat jotzen diren jarduerak zeregina hobeto egitera bideratuak egon ohi direla eta ez ikaslearen garapenari begira, eta gainera, askotan ebaluazio sumatiborako erabiltzen diren tresna berak erabiltzen dira. Adibidez, testu baten ulermena ebaluatzeko galderen erantzunak erabiltzen dira ikaslearen gaitasuna ebaluatzeko, eta galdera horien erantzunak lantzen dira, ikaslearen gaitasuna eta andamiajea landu beharko zenean.

Ebaluaziorako ikasleak isolatzea ere garbi kritikatzen du. Komunikazioa elkarreraginean eraikitzen dela esan eta ebaluazioa bakarka egiteak, komunikazio errealarekin zerikusia duten zereginetatik urrun ebaluatzea ez da ebaluazio dinamikotzat jo daitekeen prozedura.

Horrez gain, ebaluazioa ikas-prozesuan txertatzeaz haratago jo beharra dagoela dio, integratu egin behar da, Garapen Hurbileko Eremua (GHE) kontuan hartuta. Hala, helburua ez da izango ikasleak zer dakien (ebaluazio diagnostikoa) baizik eta ikasleak zer ikas dezakeen (ebaluazio pronostikoa), kontuan hartuta puntu horretaraino iristeko segi duen bideak ez duela zertan izan aurrera segitzeko segitu behar duena.

Liburu argigarria, nolanahi ere.

Erreferentzia:
Ellis, R. (2003). Task-based Language Learning and Teaching. Oxford: Oxford University Press

Gehigarria:
Vygotski aipatuta, atzo Twitterren @el_lur-rek erreferentzia on hau eman zidan, oso gomendagarria (batez ere biografiaren atala):

Dubrovsky, S. (comp.) (2000). Vigotski. Su proyección en el pensamiento actual (google book)

2011/08/14

Bigarren hizkuntzen irakaskuntza: hurbilpen historikoa

Hizkuntzen irakaskuntzaren begirada historikoa egiteko, ez da beharrezkoa oso atzera joatea: XX. mendearen bigarren partetik hastea nahikoa izan daiteke gaur egungo didaktika zertan oinarritzen den ulertzeko.

Gaur dakardan liburua oso egokia da bigarren hizkuntzen eta atzerriko hizkuntzen didaktikaren nondik norako nagusiak ulertzeko. Ikuspegi historikoa baliatzen du proposamen didaktikoak azaleratzeko eta horregatik, oso aproposa izan daiteke ikasgelako esperientziaz haratago joan nahi duten hizkuntz irakasleentzat:

Omaggio Hadley, Alice (1993). Teaching Language in Context. Boston, Massachusetts: Heinle & Heinle (2. edizioa)


Komunikaziorako gaitasunaren kontzeptuaren hasieratik abiatuta, egin diren ikerketak aztertu eta hortik abiatuta, liburuan zehar hainbat adibide eskaintzen du askotariko jarduerak diseinatzeko. Hizkuntza eta hizkuntz gaitasuna zertan den, zein teoria desberdin eta metodologia garatu diren XX. mendearen bigarren parte horretan zehar, nola eman feedbacka ikasleei (ikerketetan oinarriturik)...

Duen "baina" edo "kontuz" ohar bakarra da 1993an argitaratutakoa dela, beraz, metodologiaren azken-azken aurkikuntzen bila bazabiltza, liburu honetan ez dituzu aurkituko, baina oso osasuntsua da jakitea nola iritsi garen gaur egun gauden lekura.

2011/08/08

Elkarreragin sozio-diskurtsiboa eta diskurtsoaren azterketa

Diskurtsoaren azterketaren inguruko marko teorikoak eta ikerketa-metodologiak arakatzen nenbilela, Genevako Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerketa-ildoa Euskal Herrian zertan den jakin nahian, liburu hau iritsi zitzaidan eskuartera orain dela hilabete batzuk, duela egun pare bat arte irakurtzeko modurik izan ez dudana:

Plazaola, I., Alonso Fourcade, M.P. (ed.) (2007). Testuak, diskurtsoak eta generoak. Euskal testuen azterketa korrontea. Donostia: Erein



Oso gomendagarria da bereziki Jean-Paul Bronckart-en lana gertuagotik ezagutzeko, ez sakonki lantzeko (horretarako, hobe bere lanak irakurtzea, noski) baina bai bere ibilbidearen berri izateko eta, garrantzitsuagoa dena, berarekin batera bere ildoak Euskal Herrira eta euskal testuen azterketara ekarri dutenen lanak ezagutzeko.

Lehen blokean, ildo elkarreragile sozio-diskurtsiboaren ibilbidea azaltzen da, bereziki Jean-Paul Bronckart-en ibilbidearekin batera, eta hortik aurrera, bigarren blokean, ikerketa-ildo honetan Euskal Herrian gauzatu diren hainbat ikerlanen berri ematen da: Itziar Idiazabal, Itziar Plazaola, Maria Pilar Alonso Fourcade, Luis M. Larringan, Matilde Sainz Osinaga, Inés Mª García Azkoaga, Mariam Bilbatua, Begoña Ocio eta Roberto Mielgo ikertzaileen ekarpenak.

Amaieran, 3. blokean lexiko proposamenak egiten dira. Besteak beste, proposatzen den modeloa izendatzeko, frantsesezko Interactionnisme socio-discursif izendatzeko, euskaraz Interakzionismo sozio-diskurtsiboa proposatzen da.

Aipagarriena da 2007an argitaratua denez, oso aproposa izan daitekeela ikerketa-ildoaren nondik norako nagusiak eta zalantzak, hutsuneak, egin beharrekoak berehalakoan ikusteko.

2010/08/30

Idatzizkoaren ebaluazioa

Idatzizko lanen ebaluazioan, idaztea zer den galdetu behar diogu geure buruari, nola interpretatzen dugun idazteko prozesua eta zein eredu edo teoria hartuko dugu kontuan. Horrez gain, pentsatu behar dugu zein den ebaluazioaren helburua, alegia, nolako informazioa erauzi nahi den ebaluazio horretatik, norentzat, zertarako...

Erabaki horiek nola hartu laguntzeko, gida ona da Sara Cushing-en liburu hau:

Cushing, S. (2002). Assessing Writing. Cambridge: Cambridge University Press.

Liburu honetan, egin diren ikerketen laburpena egiten da, eredu nagusien azalpena, eta horretan oinarriturik aurkezten ditu idatzizko zereginak diseinatzeko gako nagusiak.

Horrez gain, idatzizko testetan teknologiak izan dezakeen eragina azaltzen du laburki.

Liburu honen balio handiena azalpenen argitasuna da. Xehetasun asko eman baino gehiago, diziplina honetako puntu nagusiak eta erreferentziako autoreak aipatzen ditu, irakurleari interesatzen zaion alderdian sakontzeko arrastoak ematen dituelarik.

2010/08/15

Idatzizko testuen ebaluazioa: diagnosirako eskalak eraikitzen

Tesiari heltzeko garaia iritsi da eta IKTak, ikaskuntza-plataformak eta komunikaziorako gaitasuna nolabait bateratzeko asmoa dudanez, oso lagungarri ikusten dut kasualitatez HABEko liburutegian aurkitu berri dudan liburu hau:

Knoch, Ute (2009). Diagnostic Writing Assessment. The Development and Validation of a Rating Scale. Frankfurt: Peter Lang. ISBN 978-3-631-58981-6
(bertsio elektronikoa: pdf, 2,8MB)

Ute Knoch-en tesia da, Auckland Unibertsitatean aurkeztua. Kontu asko dira interesgarri ikerketaren ikuspegitik, besteak beste hauek aipatu nahi nituzke:

- Diagnosirako probak egiaztatzeko proben desberdinak izan behar dute: ariketa zehatzagoak, eskala bereziak eta berehalako feedbacka

- Idatzizkoaren ebaluaziorako ikerketak hiru multzotan sailka daitezke: probagilea (candidate), zeregina (task) eta balioztatze sistema (rating). Hiru kategoria hauek azpikategoriatan bana daitezke eta azpikategoria bakoitzari lotutako ikerketak kontsultatu, norberaren ikerketan edo diagnosi-proban moldaketak egiteko.


Adibidez: proposatzen den zeregin bakoitzak eragin erlatiboa du zehaztasunean, konplexutasunean eta jariotasunean. Eskatzen den output-aren konplexutasunak, adibidez, ez du eragin nabarmenik zehaztasunean edo jariotasunean, soilik konplexutasunean. Probagilearen zehaztasun-maila ebaluatzeko, hobe da bakarrizketa/elkarrizketa zereginak erabiltzea, esanguratsuagoak baitira.

- Ordenagailu bidezko kalifikazio batzuk asko hurbiltzen dira pertsona ebaluatzaileen emaitzetara. Adibidez, e-rater tresnarekin eginiko ikerketen arabera, gizaki ebaluatzaileekiko adostasuna emaitzetan %87tik %94erainokoa da. Desberdinak dira makina batek eta gizaki batek egin ditzaketen ebaluazioak, baina pertsona-makina ebaluatzaile-bikoteak eratzeak asko azkartuko luke proben kontrasteen denbora eta baliabideak aurreztu.



Ikerketa honen helburua da idatzikoaren diagnosirako erabiltzen diren eskalak hobetzea, bai fidagarritasunean eta bai erabilgarritasunean. Interesatzen bazaizue, bertan ikusiko dituzue erabilitako deskriptore enpirikoak. Neu behintzat, adi-adi ari naiz ikerketa irakurtzen.

2009/12/26

Jatorrizko testuak berreraikitzen: literaltasunarekiko mendetasuna

Izenburua ikusi bezain laster, garbi izan nuen liburu hau ezinbestez erosi behar nuela, inoiz baino beharrezkoago baitzaigu irakasleoi testuen berreraikitze eta berregiteei buruzko prozesuak ulertzea.

Normalean, hizkuntza-eskoletan egiten ditugun lan gehienak testuak sortzeari lotutakoak izaten dira, testuak eraiki, antolatu, garatu eta ebaluatu, baina gutxitan hartzen ditugu bost edo sei testu desberdin gai bati buruzko lan bat egiteko; eta berez, horixe izaten da hizkuntza idatzian gehien egiten dugun testu-era mundu akademiko eta profesionalean. Hala, gerta liteke ikasle batek oso maila ona ematea hizkuntza-irakasgaietan eta lan eskasak idaztea gainerako irakasgaietan, jatorrizko testuekiko mendetasun handia duten testuak, hain zuzen.

Helduen artean, hutsune hori nabarmena da adibidez Administrazioko 4. Hizkuntz Eskakizuneko probetan. Aztertzaile gabiltzanok oso gutxitan ikusten ditugu ondo egindako laburpenak, testuko edukia ondo hautatuta, azalduta eta josita dituzten laburpenak. Honetan badakit faktore asko daudela tartean, baina hizkuntza aberatsa duten askok egiten dute huts proba honetan, zer pentsatua ematen du, zalantzarik gabe.

Ez dugu, ez, testuekin lan egiten irakasten. Hizkuntza-gaietan segitzen dugu "testuen iruzkinen" formatu zaharkitua segitzen eta unibertsitatera iristen diren ikasleak, ikasle onak direnean ere, galdu egiten dira testuen artean. Gai hauek kezka sortzen badizute, liburu hau gomendatuko dizut:

Ruiz Flores, Maite (2009). Evaluación de lengua escrita y dependencia de lo literal. Barcelona: Graó



Liburuan zehar, analisi teorikoa alderdi praktikoei oso lotua egiten da. Adibidez, eskolako lan hauen inguruan hausnartzen da: nola formulatu testuen inguruko galderak, laburpenen gakoak, erroreen inguruko erroreak, ebaluazio-motak edo zer-nolako lanak egin daitezkeen eskoletan literaltasunarekiko mendetasunetik urruntzeko.

Behin eta berriz begiratzeko moduko liburua, oso gomendagarria irakasle guztiontzat.

2009/09/20

Hezkuntza birtuala psikologiaren ikuspegitik aztertuta

Bai, onartzen dut: Psikologian lizentziatua naiz eta nabarmentzen zait. Nire lan-ibilbide guztia hezkuntzari lotua eman dut zeregin askotan, baina azkenean psikologo arima dudala onartu behar dut. Aspaldi esan zidan lankide-lagun psikologo batek, ikusten zela ez nintzela pedagogoa, eta nik ez nion ulertzen; baina bai, psikologo sena hori azaleratzen zait deskuidatzen naizenetan.

Eta orain, ingurune birtualen ebaluazioan buru-belarri sartzen ari naizela, tesia dela eta besteak beste, liburu eder hau argitaratu dute:


César Coll eta Carles Monereo (Editoreak) (2008). Psicología de la educación virtual. Madril: Morata

Monereoren lanak gustuko nituen lehenago ere, bereziki "Estrategias de aprendizaje" liburua, baina autoreen zerrenda ikaragarria da: Coll bera, Hezkuntzaren Psikologian katedraduna, Javier Onrubia, Teresa Mauri, Elena Barberá, Jordi Adell... zerrenda luzeagoa da eta denak autore sendoak.

Eskuliburu honek ondo biltzen ditu IKTen inguruan eraiki diren ikaskuntza-teoriak, baina aldez aurretik ohartarazten dut ez dela liburu praktiko-xamur bat, "IKTak erabiltzeko 10 ideia" edo horien antzekoak. Liburu honekin irakurlea ondo janzten da azken urteotako proposamen teorikoez.

Gai mordo bat biltzen ditu eta ezin dut sintesi arin bat egin, baina besterik ez bada ere, lantzen diren azpigaiak ekarriko ditut:
  • IKTen inpaktua Hezkuntzan eta Hezkuntzaren Psikologian: hezkuntzaren eszenatoki berriak, sozializazio-prozesuen aldaketa, emozioen kudeaketan izan duten eragina... baita bideojokoen eragina ere. Horrek diseinu tekno-pedagogikoan izan duen eragina eta praktikak
  • Ikaskuntza birtualeko faktoreak eta prozesu psikologikoak: ikaslearen baldintzak eta soslaia, irakaslearenak eta hizkuntza-kode berriak, formatuak
  • Ikaskuntza-irakaskuntzarako ingurune birtualak: autozuzendutako ikaskuntza, emulazio sozio-kognitiboetan oinarritutako inguruneak, kasu eta problemen ebazpenari lotutakoak, ikaskuntza kolaboratiboan oinarritutakoak eta jakintzaren adierazpen bisualean oinarritutakoak.. Ingurune birtualen analisiari beste bi atal eransten zaizkio: estandarren gaia eta komunitate birtualena
  • Oinarrizko gaitasunen ikaskuntza-irakaskuntza ingurune birtualetan: alfabetatzea, alfabetatze digitala, ikaskuntza-estrategien ikaskuntza inguru hauetan, komunikazio-gaitasunaren ikaskuntza eta informazioaren kudeaketari lotutakoa
Beno, ze, ez al da tentagarria ;-)